XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurtengo ikur hitza honako hau dugu: Hemen nauzue.

Denok dakizue, ordea, zeinen gutxi diren erantzun hori fedez eta pozez emango luketen gazteak.

Une honetan hamairu dira egunen batean gure Eliz elkartean apaiz-zerbitzua egiteko prestatzen ari diren apaizgaiak.

Talde polita, baina ez behar hainbatekoa, gure kristau elkarteen bizitza bultzatzen eta Jesu Kristoren Ebanjelioa Gipuzkoan hotsegiten jarraitzeko.

Eta zer egin egoera honen aurrean?

Gazte gutxi apaiz izateko prest

Maiz esan ohi dugu bokazioa eta, zehazki, apaiz izateko bokazioa, Jainkoak gure bizitzan eginkizun berezia betetzera egiten digun deia dela Jainkoaren misterioan du dei horrek bere sorrera, eta bide oso desberdinetatik etortzen zaigu.

Hala ere, Jainkoaren deiak huts egingo luke, baldin eta erantzuteko prest leudekeenak aurkituko ez balitu.

Gure Elizbarrutian denok egin behar diogu geure buruari honako galdera garrantzitsu hau: Gure artean zergatik ote dago hain gazte gutxi apaiz izateko prest?.

Zalantzarik gabe, era askotako arrazoiak eman ditzakegu kultura, gizarte eta erlijioso aldetik begiraturik.

Neure aldetik, honako galdera hauek eskaini nahi dizkizuet, denok hausnar ditzagun: Gure elizbarrutiaren irudiak, gure kristau elkarteen bizitzak ez ote dituzte nahiko indarrez erakartzen gazteak?

Gazteek ezagutzen dituzten apaizen bizikera eta Ebanjelioa zabaltzeko apaizek egiten duten lana ez ote dira gazteen barruan ukitzeko bezain erakargarri?

Gazteek beren etxeetan bizi duten giroak ito egiten ote du, beraien bihotzetan besteen zerbitzura bizitzeko edozein asmo?

Galdera zorrotzak, ikus dezakezuenez.

Galdera hauek pentsarazi behar digute zer egin dezakegun denok benetan, Gipuzkoak etorkizunean ere behar izango dituen apaizak sor daitezen.